EuskoPVmap
mapa interaktiboa
EHUkhi proiektuak mapa interaktibo bat eskaintzen du, eraikinen eta udalerrien ahalmen fotoboltaikoa modu errazean ikusteko. Tresna ireki horri esker, erakundeek, udalek eta herritarrek jakin dezakete beren teilatuek zenbat eguzki-energia sor dezaketen, eta, horrela, autokontsumoko proiektuak eta energia-komunitateak planifikatu. Gaur egun, hainbat udalerritako ahalmena erakusten da, hala nola Galdakao, Eibar, Donostia edo Gasteiz. Emaitza gehiago lortu ahala, bisorean txertatuko dira.
EuskoPVMap erabiltzeko eskuliburu honek aplikazioaren funtzionalitate nagusiak jasotzen ditu, eta hura erabiltzeko gida praktikoa eskaintzen du, bai herritarrentzat, bai profil teknikoentzat eta administratzaileentzat. Dokumentua Francisco Fernández Condadoren Gradu Amaierako Lanean oinarrituta egin da; lan horretan tresnaren oinarri funtzionala garatu eta dokumentatu zen. Helburua mapen eta energia-metriken interpretazioa erraztea da, ahalmen fotoboltaikoaren bisorearen erabilera irisgarria eta ulerterraza sustatuz.
EuskoPVMap-en mapa interaktiboak eraikinen ahalmen fotoboltaikoa modu bisualean aztertzeko aukera ematen du, energia-metrikak zuzenean lurraldearen gainean kontsultatuz, hala nola ekoizpen estimatua edo EROIa. Interfaze intuitibo baten bidez, udalerrietan zehar nabigatu, emaitzak iragazi eta eraikin bakoitza banaka azter daiteke; horrek tokiko eskalan eguzki-autokontsumoaren benetako irismena ulertzea errazten du.


